2014/07/25

Nunca la bandera arriada, nunca la última empresa.

Sir Ernest Shackleton

Lehenengo eguna, lehenengo egun gogorra. Gorkak popatik hartzen botako ninduen edo nire aszendentziaz gogoratuko zatekeen gutxienez. Duruelo de la Sierran hasi gara, osabak haraino kotxez ekarrita, eta laster topatu dugu bidea marka gorri eta zuriz markatuta. Hasiera ardien arteko bide batetik egin dugu, nahiko ondo lurrezko bide batetik. Pinu artetik aurreratu dugu, usain gozo freskoa zegoen airean eta gogo onez hasi gara.

Laster pistara sartu gara markak jarraituz. Momentu batean ordea, pista bidexka bihurtu da, harriz betea, eta kostata egin dugu aurrera. Nik bizikleta igotzen nuen, eta gero berriro jaitsi Joni berea igotzen laguntzeko, hain zen bide latza. Izerditan bukatu dugu berrehun metro inuzente aurreratzeko. Barrita bat jan dugu errekuperatzeko, sikera. Gure ibilbidearen lehenengo bi orduetan lau kilometro baino gutxiago aurreratuko genituen.

Horren ostean, eskerrak, pistatik behera jasiten hasi gara, abiadura eta morala igoz. Pista eta bidetik egin ditugu hurrengo kilometroak, erritmo onean, baina T itxurako beste marka bati jarraituz. Gerora, T itxurako marka horiek zuhaitzak edo ehiza esparruak markatzeko era bat zirela ondorioztatuko genuen, baina egun hartan bide onetik gindoazela uste genuen. Beherantzean, zezen bat farruko jarri zaigu txahal bat beldurtu dugulako… arin beherantza! Handik eta lasterrera berriro aurkitu ditugu marka zurigorriak. Artean ez dugu inor topatu bidetik.

Terrenoa zabalagoa zen hemen (jada ez gindoazen basotik, nahiz eta pista ondoak zuhaitzez beterik egon, batez ere pinuz) eta beroa ere igartzen hasi da. Markei jarraituz ondo gindoazen baina. Halako batean Cueva del Manzano ikusteko desbioa hartu dugu, Cueva del Monzongo deitu beharko litzateke baina, han ez baitzegoen ezer, eta T erako markak jarraituz berriro galdu gara. Kanpaleku desertu bat topatu dugu… ez zegoen inor eta malabibra guztia eman digu. Moonrise Kingdomeko protagonistaren kanpalekua gogorarazi dit tokiak.

Aurrera eta aurrera, atzera begiratu barik jarraitzea besterik ez geneukan, nahiz eta Jon oso nekatuta zihoan karga zela eta (bihar agian karga aldatu beharko dugu, nik bizikleta eskasena hartu eta zama astunenarekin kargatu). Koba ikusteko ideia nire errua izan da eta horregatik galdu gara hainbeste… Hurrengoan erabaki hobeak hartu beharko dira. Ordurako, eguerdiko galdatan “Abéjar 11” jartzen zuen bidegurutze batera heldu gara, errepide abandonatu antzeko batetik. Abéjar ez zegoen gure ibilbidean inondik inora, baina ezagutu ahal genuen punturik hurbilena zen. Gerizpetan gure hurrengo mugimendua planeatu dugu. Abéjarrera joatea eta han berriz egoera planteatzea.

Oso gogorrak izan dira hamaika kilometroak beroa, errepidearen egoera eta morala zela eta. Bidea zein puntutaraino abandonatuta zegoen ikusteko, bide ertzean orkatz bat ikusi dugu gerizpetan lasai, gu heldu garen arte. Erre egin gara (gainera kamionero erara, qué pringaos).

Azkenean heldu gara Abéjarrera, bazkalordu inguruan. Abéjar da inoiz ezer gertatzen ez dela ematen duen herri tipikoa, udako Grand Prix-en ere ez bailiokete parte hartzen utziko. Iturria zegoen gure egarria baretzeko sikeran. Galdetu ostean, taberna batera sartu naiz ogi bila eta Vinuesara nola joan zitekeen galdetu dut. Desganaz erantzun didate.

Errepidetik egin behar izan ditugu zortzi kilometro berriro GRaren markak topatu arte. Morala hobeto orduan, Vinuesara heltzeko lau kilometro besterik ez zirela falta konturatu gara. Erreka bazterretik egin ditugu. Oso paraje polita da… eta landareen usain gozo sarkorrak begi berde eta urdinak gogorarazi dizkit, zer erremedio. Vinuesara sartzean, antzinako zubi erromatar luzearen ondotik doan zubi modernotik, ardiekin zeuden pare bat mastin zaunka hasi zaizkigu, bide erdian etzanda zeuden tokitik igaro garenean. Lasaitasuna eta abiadura mantentzen saiatu gara (nahiz eta barrutik urduri egon) eta arazo barik sartu gara herrira.

Vinuesa herri polita da, hau bai Gran Prixen parte hartzeko modukoa eta kanpina du Laguna Negrara bidean B) (itzel!). Hortxe montatu dugu denda. Dutxa. Hanburgesa herrian. Nekatuta bueltatu gara kanpinera eta txarto sentitu naiz. Agian zama guztiagatik: bihar nora egin behar dugu, non egingo dugu lo, Jon zelan dabil… agian beste kanpin batzuk gogorarazi dizkidalako, beste data bat.

Bueltatu garenean jaia aurkitu dugu kanpinean, 25. Urteurrena zutela eta. Temazo guztiak jarri dituzte All my loving eta Scream and Shout  (BRING THE ACTION) eta horrelakoak. Kuadrilarekin ederto petatuko nukeen. Baina kanpinekoak oso sosoak dira. Goiz da oraindik eta tabernara goaz garagardo bat hartzera. Haien urteurrena denez, txanpana, palomitak eta pastelak eskaintzen dizkigute, hobeto sentitzeko beste. Kasi.

Jon hauts eginda eta ni moralak behea jota. Zelako ekipoa. Kamarerak  “ez motzak” dira. Sinplus. Idazteak hobeto sentiarazi nau. Muletadun gizon bat pasa da eta Garazirekin gogogoratu naiz. Lagunak. Santutxuko jaiak. Begi urdinak. Bihar beste egun bat.

(Amamari geitu)

image

Text
Photo
Quote
Link
Chat
Audio
Video